jueves, 14 de diciembre de 2017

ANTZINAKO EGIPTO




Egipto faraonikoa

Egiptoar Inperioa Nilo ibaiaren ertzetan garatu zen ia hiru mila urtetan zehar. Hain garai luze honetan, egiptiarrek zibilizazio bikaina sortu zuten eta bere oinarrizko ezaugarriak mendeetan zehar aldaketa gutxirekin mantendu ziren.

Niloren dohaina

Antzinako Egiptok hartu zuen lurraldea Nilo ibaiaren inguruan kokatuta dago. Ibaia, bere ibilbidearen zati gehienean, haran estu batetik doa eta egiptiarrek hari Egipto Garaia deitzen zioten. Bere bokalea baino apur bat lehenago, Nilo ibaia delta zabal batean zabaltzen da, Egipto Beherea.

Niloren eragina egiptoar zibilizazioan erabakigarria izan zen. Ibaiaren ibilbidea eta urteroko goraldiak (ekainetik irailera) erregulatzeko beharrizanak, egiptoarrak behartu zituen kanalizazioak eraikitzera, nekazaritza zikloko lanak zentralizatutako botere baten bidez antolatzera eta urtaro-aldaketak aurreikusteko astroen ibilbidea ikastera.



Nilo ibaia, basamortuko lurralde baten erdian bizitza-iturria izateaz gain, merkataritza- eta komunikazio-bidea ere izan zen milaka urtetan zehar. Guzti honek, Herodoto greziar historiagileak Egipto "Niloren dohaina" izenarekin deitzera eraman zuen. 



Hiru mila urteko historia

K.a. 3100 urte inguruan, Narmer erregeak (greziarrek Menes deitu zioten) Egipto Behereko eta Garaiko erresumak batu zituen. Ondorioz, lehenengo faraoitzat hartzen da. Ordutik aurrera Egiptoko historian hiru garai handi desberdintzen dira:

·   Inperio Zaharra (K.a. 2800-2200). Horretan Keops, Kefren eta Mikerinos faraoiak nabarmentzen dira. Hoiek izan ziren Gizeh piramide handiak eraiki zituztenak.

·    Inperio Ertaina (K.a. 2000-1780). Faraoiek lurrak menderatu zituzten Nubian, Egiptoko hegoaldean, hiksoen inbasioa eta gero (K. a. 1650).

·    Inperio Berria (K.a. 1570- 1065). Tutmosis III.a eta Ramses II.a nabarmendu ziren, Egiptoar Inperioa Ekialdean hedatu zutelarik (Palestina, Siria).

Bere historiako azken mendeetan zehar, Egipto, zenbait alditan, atzerriko herrialdeengatik menderatua izan zen -hala nola, persiarrek eta greziarrek-, K.a. 31. urtean erromatarrek hura menderatu arte.


Rosetta harriaren kopia Weindenbachek egina. XIX. mendearen hasieran, hiru alfabeto desberdinetan egindako inskripzioak zituen basalto beltzezko harri bat aurkitu zuten lurperatuta. Alfabetoak ondorengoak ziren: hieroglifikoa, demotikoa eta greziarra. Champollion aditu frantsesak, egiptoar inskripzioak argitzeko modua aurkitu zuen.




Gizarte-piramidea

Faraoiak botere guztia bere eskuetan zuen. Egiptoarrek jainkotzat zuten eta ezin zuten begiratu, ezta ukitu ere. 
Faraoiaren inguruan gizarteko maila pribilegiatua zegoen eta ondorengo hauek osatzen zuten:

·     Nobleak. Lurren zati bat beraiena zen eta kargu garrantzitsuenak betetzen zituzten, hala  nola, bisir edo lehen ministroarena. 
·   Idazlariak. Irakurtzen, idazten eta zenbatzen zekiten funtzionarioak ziren. Horiek    faraoiaren ondasunak administratzen zituzten. 
·        Apaizak. Erlijio-errituetara dedikatzen ziren.

Biztanleriaren gainerakoa, gehiengoa, nekazariak eta artisauak ziren. Nekazariek faraoiaren eta tenpluen lurrak laboratzen zituzten eta uztaren zati bat eman behar zieten. Esklaboak ere bazeuden eta gehienak faraoiarenak ziren. Faraoiak esklaboak monumentu handiak egiteko, meategietan lan egiteko eta armadan aritzeko erabiltzen zituen.

Egiptoar kultura

Antzinako egiptoarrek arkitektura arloko eta arlo artistikoko lan handiak utzi zizkiguten, baita literatur testu garrantzitsuak ere. Karnak eta Luxorgo tenplu handiez gain, piramideak eta monumentuzko hilobi-mota desberdinak eraiki zituzten. Hilobi hauen artean, hipogeoak (harkaitzetan zulatutako hilobiak) azpimarratu behar dira.

Egiptoar erlijioa hil ondorengo bizitzan oinarritzen zen eta hori da hildakoen gorpuak usteltzetik babesteko momifikatzeko zuten ohituraren azalpena. Egiptoarrak politeistak ziren eta jainko bakoitzak bere tenplu eta apaizak zituen.

Lehenengo idazkera-mota hieroglifikoetan oinarritzen zen, hau da, zeinuek gauzak adierazten zituzten eta inskripzio sakratuetan erabiltzen ziren batez ere. Geroago, egiptoarrek sistema ideografikoa garatu zuten, hau da, ikur bakoitzak gauza desberdinak adierazi ahal zituen. Zeinu hauek 24- 28 letradun alfabetoa osatzera heldu ziren eta denborarekin, gaur egun idazkera demotiko gisa ezagutzen dena bihurtu arte estilizatzen joan ziren.

Data garrantzitsuak

·        3100 Menesek Egipto elkartu zuen. Tinita garaiaren hasiera (I. eta II. dinastiak).
·        2660 Antzinako Inperioaren hasiera (III. eta IV. dinastiak).
·     2200 Tarteko lehenengo aldia (VII.-X. dinastiak) eta Inperio Ertainaren hasiera (XI. eta XII. dinastiak). Sesostrisekin egiptoarren eragina Nubia Behereraino hedatu zen. 
·       1780 Tarteko bigarren aldia (XIII. eta XIV. dinastiak).
·        1650 Hiksoen inbasioa (XV.- XVII. dinastiak). 
·        1570 Inperio Berriaren hasiera (XVIII.- XX. dinastiak).
·        1468 Tutmosis III.ak egiptoar boterea Eufrates eta Niloko laugarren ur-jauziraino eraman    zuen. 
·      1364 Amenofis IV. edo Akenatonen erregealdiaren hasiera. Horrek Aton gurtzea ezarri      zuen.
·      1290 Ramses II.aren erregealdia hasi zen. Horrek hititak garaitu zituen eta Abu Simbelen tenplua eraikitzea agindu zuen.
·       1065 Tarteko hirugarren aldia hasi zen (XXI.-XXVI. dinastiak).
·       662 Asurbanipal errege asiriarrak Egipto hartu zuen. Saita aldia hasi zen (XXVI. dinastia).



·      525 Cambises II. errege persiarrak Egipto hartu zuen. Berant Aroa hasi zen (XXVII.-       XXXI. dinastiak).
·     332 Alexandro Handia mazedoniarrak Egipto hartu zuen. Faraoien dinastiaren amaiera eta Ptolomeoren Aro Helenistikoa hasi zen.
·       31 Oktavio Augusto enperadore erromatarrak Kleopatra erregina garaitu zuen Actiumen.






No hay comentarios:

Publicar un comentario

ANTZINAKO EGIPTO

Egipto faraonikoa Egiptoar Inperioa Nilo ibaiaren ertzetan garatu zen ia hiru mila urtetan zehar. Hain garai luze honetan, egiptiarrek ...